UR AURREZTEAREN ONURAK
Gaur egun, pertsona eta egun bakoitzeko batez beste 113 litro ur kontsumitzen ditugu. Erronka OMEk eta NBEk gomendatutako 100 litrotik jaistea da.
Ba al zenekien… klima-aldaketaren ondorioz urtean zehar euriaren banaketa ez dela hain homogeneoa izango? Horrek lehorte aldi luzeagoak ekarriko ditu.
Ba al zenekien… 113 l/bizt/egun kontsumotik 100 l/bizt/egunera jaistea lortuko bagenu ur erreserbek hilabete gehiago iraungo luketela? Klima-aldaketarekiko erresilienteagoak izango ginateke.
Agian pentsatzen ari zara: «Bah! 113 litro/bizt/egunetik 100era jaistea ez da hain zaila. Izan ere, nahi izanez gero egingo nuke, baina zer irabazten dut nik horrekin?». Uste duzuna baino askoz gehiago irabaziko zenuke:
Gizarte mailan irabazten duzu. Edateko ura baliabide mugatua da, eta pertsona guztiok dugu eskubidea gure etxeetan. Eskubide horrek pertsona guztiok berdin egiten gaitu eta eskualdeari lurralde kohesioa ematen dio; ulertuko al zenuke Irunek Hondarribiak baino ur gehiago izatea, edo alderantziz?
Ekonomia mailan irabazten duzu. Gutxiago ordainduko zenuke! Eta ez zuk bakarrik. Izan ere, eskualdeko biztanle guztiok gutxiago ordainduko genuke, ez bailirateke beharrezkoak izango azpiegitura berriak edo daudenen handitzeak.
Logotipoaren azalpena
Logotipoak 100 litro ur baino gutxiago kontsumitzeko erronka transmititu nahi du kode neutro batean, sinbologia matematikoan (“<” txikiagoa), numerikoan (100 litroko muga) eta kimikoan («H2O» Ura) oinarrituta. Erronka hau kolektiboa da, batez bestekoa baita, baina banakako kontsumo ohituren araberakoa da: Banakako erantzukizuna, onura kolektiboa.
Ez gara kontziente etxeko esparruan egiten dugun kontsumoaz, eta are gutxiago datu horrekin lotutako beste alderdi batzuez, hala nola edateko ura eskuratzearen atzean dauden kudeaketaz eta azpiegiturez, etxeetara iristen den ur litro bakoitzaren kostuaz, edota ur kontsumo gehiegizkoak gure gizarte, ekonomia eta ingurumen ingurunean dituen eraginez.
Uraren ziklo integralaren kudeaketa publiko batean helburu nagusia ez da gehiago fakturatzea, baizik eta zerbitzurako sarbide unibertsala bermatzea, baita errentagarritasun txikiko eremuetan edo kolektibo kalteberentzat ere. Horrela, arrazoi ekonomikoengatiko gizarte bazterketaren arriskua saihesten dugu tarifa sozialak aplikatuz, «Uraren tarifa soziala» atalean egiazta daitekeen bezala.
Gainera, uraren kudeaketa publikoarekin prezioen egonkortasun handiagoa lortzen da epe luzera, eta zerbitzuaren kalitatearen berme handiagoa, baita inbertsioei eta tarifei buruzko gardentasun handiagoa ere. Gainera, udalerrien arteko desberdintasunak saihesten ditu, estaldura handiagoa ematen du biztanleria dentsitate txikiko eremuetan, lurralde kohesioari lagunduz, baita gurea bezalako mugako eremu batean ere. Hori URAMUGA bezalako proiektuetan egiazta daiteke.
Azkenik, kudeaketa publikoak laguntzen du erresilientzia handiagoa izaten lehorte edo krisi klimatiko eta azpiegituren aurrean, etorkizuneko beharretara egokituta.